Arin-arin elkarrizketa
"Euskal Herrian jasotzen dena oso musika mugatua da"
"Gehiago dantzatuko bagenu zoriontsuagoak izango ginateke"
Aritz Sound System
Kazetaria eta musika jartzailea
Dela herriz herri musika jartzen, dela Hernanin duen Ghetto musika dendan lanean, dela hedabideetan, musika beltza zabaltzen dihardu Aritz Usandizaga hernaniarrak - Urteak daramatza Molotoff irrati librean (99.2 FM) saioa egiten, eta Egin irratian ere saioa eduki zuen (ETA BAITA INFO 7 IRRATIAN, OSTEGUNERO 22:00ETATIK 23:00ETARA)- Idatzizko hedabideetan ere kolaboratzen du: Entzun!, Gaztetxulo, KALEIDOS, Berria,… - Bob Marley, begirunea, maitasuna eta askatasuna liburuaren egilea da - Selektah Kolektiboko sortzaile eta kide da

Ghetto diskak denda...
ELKARRIZKETA
Barkatu, Bustamanteren azkena ba al duzu?
Ez daukat, baina lortu dezaket. Baina entzun ezazu beste hau.
Zer du musika beltzak Aritzi hainbeste gustatzeko?
Ez dakit! Sentiarazten dit, asko gustatzen zait, eta asko ikasten dut. Eta asko gustatzen zait musika hori zabaltzea, jendeak ezagutu dezan behintzat. Badu militantzia puntu bat.
Musikaz idatzi, musika jarri, musika saldu. Musikarik gabe zer izango litzateke Aritz?
Ezberdina! Ez dakit, drogazale bat drogarik gabe bezala, kristoren abstinentzia-sindromearekin egongo nitzake. Jende askorentzat musika bigarren mailako zerbait da; nire kasuan behar dut. Askotan gaixotasuna dela pentsatzen dut.

Euskal Herrian musika beltza ghettoan al dago?
Bai,oraingoz bai. Baina ateratzen ari da ghettotik, zabaltzen ari da, eta ez dut zalantzarik askoz ere gehiago zabalduko dela. Lortzen badugu jendeak entzutea, zabalduko da.
Zergatik entzuten da hain gutxi?
Musika mugitzen dutenei ez zaielako interesatu zabaltzea musika beltza. Beste musika batzuk bultzatu dituzte, eta orduan zailagoa da beti. Gainera, jende asko musikaren hartzaile pasiboa da, ez aktiboa, eta horiek jasotzen dutena entzuten dute. Eta hemen, Euskal Herrian, jasotzen dena oso musika mugatua da.
Lan erraza da jendea dantzan jartzea?
Ez. Baina arazoa ez da musika dantzagarria den edo ez. Arazoa daukagu buruan. Seguru nago zoriontsuagoak izango ginela gehiago dantzatuko bagenu. Baina ez da dantzatzen. Zergatik? Euskal Herrian, kulturalki ez dago ondo ikusia dantzatzea. Erakutsi digute izan behar garela oso neurritsuak, oso lasaiak, eta oso serioak. Baina beste kulturatan, dantza oso garrantzitsua da: begira kubatarrak, afrikarrak,... Euskal Herrian hori gainditu behar dugu.

Zeintzuk dira piratarik handienak: diskoetxe handienak, ala top mantaren atzean dauden mafiak?
Diskoetxe handiak, banatzaile handiak. Horiek dira, zalantzarik gabe, diru gehien atera dutenak. Bitartekari asko daude, eta hori da arazoa. Kristoren pagotxa eduki dute orain arte, eta orain bukatzen ari da.
Noizko Euskal Herria tropikala?
Nork nahi du Euskal Herria tropikala? Niri euria gustatzen zait asko, eta hotza ere. Eguzkiak nazkatu egiten nau. Musika aldetik? Nire helburua ez da reggaea irrati guztietan entzutea, izatea zerbait masiboa, komertziala. Zeren, normalean, hori gertatzen denean, txarra izaten da. Baina bai pixka bat zabaldu nahi dudala. Jendeak aukera eduki dezala aukeratzeko.Orain ez dago aukera hori.

DI-DA BATEAN
Zerk alaitzen dizu eguna?
Jendeak eta musikak.
Zerk ateratzen zaitu zeure onetik?
Errespetu faltak.
Eta beldurtu?
Maite dudana galtzeko aukerak.

Marrazkiaren egilea: Mikel Barreiro.
Zerk eragiten dizu barrea?
Egoera jakin batek: gustura nagoenean, lagun artean, eroso,...
Bizio bat:
Musika. Baina asko ditut.
Amets bat?
Asko.
Amesgaizto bat:
Gutxi. Ez lotan nagoenean, ezta bizitzan ere...
Txikitan zer izan nahi zenuen?
Obretako langilea, makinak gidatzen.
Eta orain?
Ez dakit. Naizena. Oraingoz, naizena.
Biniloa ala Cda?
Biak. Biniloa, Cda eta gehiago. Edozein formatu. Formatua ez da hain garrantzitsua.

Marrazkiaren egilea: Mikel Barreiro.
Musikari bat:
Hiru: Bob Marley, Marvin Gaye eta Sade.
Kontzertu bat:
Steel Pulse, Pauen.
-Trasera.jpg)